Habi bikotearen emanaldia hartuko du gaur Plaza Zaharrak

Berriketan 2022ko uzt. 22a, 09:00
Villabonako Habi musika taldeak kontzertua eskainiko du gaur gauean, 22:00etan, Plaza Zaharrean. Iturri Ondoan egitasmoaren baitan antolatutako laugarren hitzordua izango da.

Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta, 2018an sortu zen Habi taldea. Villabonan jaioak dira biak, eta musikarekiko pasioak elkartu zituen. Horren emaitza da Habi: Artolaren bateriaren indarra eta Gasconen gitarraren soiltasuna, azken horren ahots bereziaren osagarri.

Elkarlanean hasi eta sei hilabetera plazaratu zuten zortzi kanta biltzen dituen lehen lana: Loratu. Eta bigarren proiektua konfinamendu garaian iritsi zen; azken hilabeteetan sortutako abestiak batu, findu eta bigarren disko batean jaso dituzte: Koloreak. Post-rock, grunge, stoner eta pop melodiak nahasten ditu bikoteak.

Datorren ostiralean, leku eta ordu berean, antzerkia izango da protagonista; Album ikuskizuna dakar Formol Laborategiak.