HAB ibilbideko erakusmahaietan egindako lapurretagatik kezkatuta azaldu da udala

Berriketan 2023ko mai. 12a, 12:41

HAB Historiaurreko Bailara proiektuaren ibilbidean, Sasiolako bide zaharrean dagoen animalien gunean leize-lehoi eta bisonte buruen garezurrak ebatsi dituzte bertako erakusmahaietatik. Debako udaltzaingoak ziurtatu ahal izan duenez, torlojuak askatuta hartu dituzte bi garezurrak.

Gertakariaren aurrean bere kezka azaldu du Debako Udalak; batetik, lapurretak sortutako kalte ekonomikoagatik (8.000 euro), eta, bestetik, halakoak errepikatuz gero, zalantzan egon litekeelako proiektua bere jatorrizko ezaugarriekin (erreplikak ikusgai egotea, adibidez) mantendu ahal izatea. Gogorarazi duenez, udalak eta beste hainbat administraziok egindako diru ekarpenekin gauzatutako proiektua da HAB.