Gordailura bisita gidatua antolatu du Geoparkeak

Berriketan 2022ko mai. 27a, 12:47

Bihar, larunbata, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa ezagutzeko bisita gidatua egingo da, Geoparkearen ekimenez. Debatik irtengo da autobusa, 10:00etan, eta bisita 11:00etatik 12:30era egingo da. Bisitaren ondoren autobusean etorriko da taldea Debara.

Geoparkeak aipatu bezala, Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak zaintzen dira Gordailuan (Irunen), gure lurraldearen historia ezagutzeko balio duten pieza interesgarriak. Indusketetan, prospekzio arkeologikoetan edota ezustean agertutako piezak gordetzen dira bertan: lehenengo gizakien aztarnak (Lezetxikiko humeroa, kasu), Ekaingo zein Praileaitzeko arte higigarri paleolitikoa eta abar. Bestalde, ikerketa paleontologikoetatik jaso diren aztarnak ere bertan daude, hala nola hamaika hartzen aztarnak, hienenak, eta Arrikrutzen aurkitutako haitzuloetako lehoia ia osorik.

Bisita euskaraz eta gaztelaniaz egin daiteke eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da inprimaki honetan edo turismo bulegoetan (943 192 452 / 943 143 396 / 943 603 378).