Gogotsu datoz Elorriaga auzoko sansebastianak

Berriketan 2023ko urt. 18a, 12:42
Beti-betiko jaien esentzia gordetzen duten ekintzak oinarri hartuta, jai batzordeko kideek urterik urte jendea erakartzen duten osagaiekin prestatu dute egitaraua. Auzotarrak eta inguruko herrietakoak jaiez gozatzera gonbidatu dituzte.

San Sebastian jaiak ate joka datoz Elorriaga auzora. Bi urteko etenaldiaren ostean, gogotsu daude auzotarrak jai giroan murgiltzeko. Itziarko Auzo Udalarekin, Urberu sagardotegiarekin eta Lau-Haizeta elkartearekin auzolanean antolatutako egun biko egitarauarekin datoz aurten jaiak. Ostiralean (urtarrilak 20), San Sebastian egunean, burutuko dituzte ekintzarik nagusienak, baina larunbatean (urtarrilak 21) ere zer ospatua egongo da auzoan.

Ohiturei jarraituz, San Sebastian ermitan egingo den mezarekin hasiko dituzte ostiraleko proposamenak, eta ondoren, jan edanean batzeko aukera ere egongo dela jakitera eman dute. “Lau-Haizeta elkartean eztarriak busti eta urdailak betetzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Salda, txorizo egosia eta edatekoa egongo da”.

Goi mailako pentatloi erakustaldia. 12:00etan, berriz, herri kirolean txanda ailegatuko da. Herri kirolen bueltako hitzordu bat ohitura bihurtu da auzoan, eta “bertaratzen direnei zerbait berezia eskaintzeko asmoz” estreinako goi mailako euskal pentatloi erakustaldia egingo dutela iragarri dute. “Urteetan hemen asto, idi, zaldi edota giza probak egin izan ohi dira, baina aurten pentatloi erakustaldia eskaintzea erabaki dugu”.

Mahai inguruan elkartu nahi dutenek jatetxean bertan izena eman beharko dute

Auzoko plazara bertaratzen diren herri kirolen jarraitzaileek punta-puntako kirolarien arteko pentatloi erakustaldi “aparta” ikusteko aukera izango dute. Julen Gabirondok eta Aratz Mugertzak osatutako bikoteak Xabier Zaldua eta Ioritz Gisasolak osatutako bikotea izango du aurrez aurre pentatloia burutzeko.

Trikitilariak, Urberu sagardotegian egindako bazkari batean. Argazkia: Elorriaga auzoko jai batzordea.

Herri kirolen erakustaldia amaitzerakoan bazkaria egingo dute Urberu sagardotegian. Bazkaritan batzen direnek sagardotegiko menua izango dute aukeran, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta. Mahai inguruan elkartu nahi dutenek jatetxean bertan izena eman beharko dute; 943 19 92 37 telefono zenbakira deitu behar da erreserba egiteko.

Eguneko proposamenekin amaitzeko, beti-betiko ohiturei eutsita Lau-Haizeta elkartean antolatu duten txokolate janean elkartzeko aukera izango dute iluntzean auzora bertaratzen diren guztiek. “San Sebastian eguna asteko edozein egun delarik ere, egunean bertan txokolate jana egiteko ohitura daukagu”.

Aurtengo jaiak larunbateko (urtarrilak 21) Urberu sagartegian Mendaro eta Galaktiko trikitilarien doinu dantzagarriekin girotuta egingo den afariarekin amaituko dituzte. Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, sagardotegia ohiko ordutegian egongo da irekita, 19:30etik 22:30era. “Bakoitzak nahi duen ordutegian etortzeko aukera izango du”.

 

EGITARAUA:

Urtarrilak 20, ostirala

  • 10:30. Meza, San Sebastian ermitan.
  • 12:00. Herri kirolak, plazan.
  • 14:00. Bazkaria, Urberu sagardotegian, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
  • 18:30. Txokolate jana, Lau-Haizeta elkartean.

Urtarrilak 21, larunbata

  • 19:30-22:30. Afaria, Urberu sagardotegian, Mendaro eta Galaktiko trikitilariek alaituta.