Getariako Txakolinari buruzko bertso saio tematikoa egingo dute

Berriketan 2021ko urr. 25a, 19:32

Gure lurra, nekazaritza, ekoizpena, gastronomiaz… gehiago jakiteko modu berezia eskainiko du Getariako Txakolina elkarteak hilaren 27an, asteazkena, Agirre jauregian. Izan ere, aipatutako gai horien inguruan aritzeko bertsoa baliatuko baitute hitzorduan, dastaketarekin uztartuta; salgai daude txakolinaren inguruko bertso saio tematikora joateko sarrerak.

Xebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak eta Mikel Garaizabal ardo-dibulgatzailea izango dira asteazkeneko saioko protagonistak. Bertso saio tematikoa Agirre jauregiko Ispiluen gelan izango da, 19:00etan, eta Udalak jakinarazi du edukiera mugatua izango duela (25 pertsona); sarrerak 10 euroan eros daitezke, Turismo bulegoan.

Getariako Txakolina elkarteak antolatu du hitzordua, Lanku Bertsozale elkartearen eta Debako Udalaren laguntzarekin.