Gaur LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta hainbat ekimen antolatu ditu Udalak

Berriketan 2022ko eka. 28a, 16:59
Azken urteotan LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekimen antolatu ditu Udalak. Aurtengorako ere osatu du egitaraua, eta haurrentzako tailerrak, ipuin-kontaketa eta kontzentrazioa izango dira herrian, egun osoan zehar.

Aurten lanketa bereziki gaztetxoekin egin nahi izan da. “Pertsonen arteko berdintasuna, aniztasuna… oinarrizko balore dituzten haur eta gazteek etorkizuneko Deba hobea egingo baitute”, Udal ordezkarien esanetan. Kolore Anitz aisialdi taldeak eta haren inguruan ibili diren haur eta gaztetxoek Foruen plaza alaitu dute, beraz, gaur goizean, LGTBI egunaren inguruan antolatu diren gaztetxo eta umeentzako tailerrei esker: txapak egiteko txokoa, aurpegia margotzeko saioa, kolektiboaren aldarriak jasotzen dituen LGTBI murala, eta marrazketa txokoa izan dituzte aukeran umeek goiz pasa ederra egiteko.

18:00etan, berriz, Debako kontalarien taldeak, ipuin-kontaketa eskainiko du Kultur Elkarteko plazan. Eta, bukatzeko, 19:00etan, herri osoari kolektiboaren aldarrikapenekin bat egiteko aukera eman nahi izan zaio Foruen Plazan egingo den elkarretaratzearen bitartez.

Horrez gain, aurreko urteetan bezala, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Debako udalbatzako taldeek adierazpen instituzionala adostu dute, etzi, ekainak 30, egingo den osoko bilkuran berretsiko dutena. Hona hemen irakurgai.