Gaur da Mintzodromoan izena emateko azken eguna

Berriketan 2022ko aza. 28a, 12:12

Zuhatza Euskara Elkarteak Mintzodromoa antolatu du ostegunerako (abenduak 1), Euskeraz Bagera zikloaren baitan. “Mingaina dantzan jarri eta giro gozoan euskaraz hitz egiteko gunea” eskaini nahi du hitzorduak. Hamarnaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin, baina oraindik ere izena emateko aukera zabalik dago, 635 704 310 telefono zenbakira deituta.

Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera hori ematea; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… Horixe da, azken finean, Mintzodromoaren helburua, “giro gozoan euskaraz hitz egiteko gune lasai bat” eskaintzea.

Hizkuntza maila edozein dela ere, herritar orori zuzendutako gonbidapena luzatu du Zuhatza Euskara Elkarteak, eta harrera beroa egin zaio deialdiari. Hogeitik gora lagunek izena eman dute ostegun (abenduak 1) arratsaldean, 18:00etan, egingo den ekimenerako. Mari Searak eta Oihana Irustak gidatuko dute ordubete inguruko saioa; bost laguneko mahaietan eserita, parte hartzaileek askotariko gaiez hitz egiteko aukera izango dute. Eta hitzordua biribiltzeko, bertaratutako diren guztientzat luntxa ere eskainiko dute.