Gaur abiatuko da Euskeraz Bagera zikloa, Jesus Mari Makazagaren hitzaldiarekin

Berriketan 2021ko abe. 1a, 13:31

Arratsaldean emango zaio hasiera Zuhatza Elkarteak herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu duen Euskeraz Bagera programazioari. 18:30ean dago deituta hitzordua, Kultur Elkartean. Bertan, Jesus Mari Makazaga euskal filologoaren hitzaldia izango da, Debako hizkera noiz eta nola? goiburupean.

Debako hizkera noiz eta nola? Bada, galdera horri erantzuna emateko argibide batzuk eman nahian datorkigu gurera gaurkoan Jesus Mari Makazaga. Hortaz, hitzordu aproposa izango da gure euskalkiaren berezitasunen inguruan jardun nahi dutenentzako. Hitzaldia irekia izango da, eta bertaratzen direnek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute, solasaldi formatua eman nahi baitzaio saioari.

Elgoibarren 1965ean jaioa, Euskal Filologian doktorea da Makazaga, baita EHUko irakasle eta Euskara Zerbitzuaren zuzendaria ere. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2003an.

Euskeraz Bagera egitarauak bihar izango du jarraipena, Zuhatzaren ekimenez Agirre jauregiko Ispiluen gelan (18:00etan) egingo den Mintzodromoarekin. Giro gozoan euskaraz hitz egiteko gunea eskaini nahi du hitzorduak eta herritar orori zuzenduta egongo da, hizkuntza maila edozein dela ere. Luntxa ere eskainiko zaie partaideei.