Gaizka Ayastuyren ibilbidea omendu du Debako Musika Bandak Santa Zezilian

Berriketan 2021ko abe. 7a, 11:35

Joan den azaroaren 27an, larunbata, Santa Zezilia ospatzeko kontzertua eskaini zuen Debako Musika Bandak zumardiko karpan. 200 ikusle batu ziren musikarien zaindariaren omenez egiten den urteroko hitzordura eta Gure Kai dantza taldeak ere parte hartu zuen euskal doinuez osatutako obra berezi bat dantzatuz. Egungo segurtasun-neurriak errespetatuz egin zen emanaldia.

Hala ere, “sentsazio gazi-gozoak” eduki dituztela aitortu dute bandako kideek, 37 urtean taldeko partaide izan den Gaizka Ayastuy omendu baitzuten haren azken kontzertuan. “Urte hauetan guztietan, bandako tronboilari izateaz gain, bandarekiko eduki duen konpromiso, dedikazio eta lana eskertu nahi izan genion –azaldu diote Berriketan-i–. Era berean, aurrerantzean bere hutsunea nabarituko dugula ere adierazi nahi diogu”.