Gabon kantak eurekin abesteko kantari bila dabil Aitzuri Abesbatza

Berriketan 2022ko abe. 12a, 14:58

Abenduaren 24an, ohi modura, Gabon kantak kalez kale abestera aterako dira Aitzuri Abesbatzakoak. Emanaldia indartu eta ikusgarriagoa egiteko nahiarekin, jende gehiagoren beharra daukatela iragarri dute. Urtero eurekin batera abestera ateratzen direnak, abesbatzako kantari ohiak eta kantu zaletasuna duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte eurekin batera abestera. “Abestea gustuko baduzu, eta gurekin Gabon kantak abestu nahi badituzu, animatu zaitez”.

Emanaldiarekin bat egin nahi duten kantuzaleei zuzendutako bi entsegu berezi ere antolatu dituzte. Zehaztu dutenez, Musika Eskolan elkartuko dira hilaren 20an eta 21ean, eta 21:00etan hasita, Eguberri bezperako hitzordua prestatu eta kalerik kale abestuko dituzten kantu tradizionalen hitzak errepasatuko dituzte. Azpimarratu dutenez, ez da beharrezkoa solfeo eta musika ezagutzarik edukitzea. Abesteko gogoa edukita, “nahikoa” dela gaineratu dute. “Guztion artean abestuz ikasiko ditugu kantak”.

Entsegu horietan parte hartzeko interesa dutenei aitzuriabesbatza@hotmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu diete.