Formatu eta diseinu berriz jantzitako otsaileko ‘Berriketan’ aldizkariaren edizio digitala irakurgai

Berriketan 2023ko ots. 24a, 11:54
Herri aldizkariaren 281. zenbakia Internet bidez ere irakurtzeko aukera dago berriketan.eus atarian. Azken alea ez ezik, aurrez kaleratutako hilabetekari guztiak ere bertan daude irakurgai.

Aro berri bat hasi du Berriketan aldizkariak eta ale honetan ikus daitezke berrikuntzak. Itxura aldetik, formatu eta diseinu berria izango du aurrerantzean. Aurten beteko dira 25 urte Zuhatza Euskara Elkarteak hilabetekariaren lehen zenbakia argitaratu zuenetik eta aldizkaria berrituta plazaratzeko data esanguratsua iruditu zaigu.

Agian, neurriari dagokiona izango da aldaketarik nabarmenena irakurlearentzat; orain arte erabili duena baino txikiagoa da formatu berria, baina handiagoa da orrialde kopurua —20 orrialde izatetik 28 edo 32 izatera pasa da, eta hainbat kasutan gehigarri bereziak ere izango ditu bere baitan—. Txikiagoa izateak abantailak eskainiko dizkie irakurleei zein banatzaileei; edonora eramateko eta postontzietan sartzeko erosoagoa da, adibidez.

Egungo prentsa idatziaren eta inguruko tokiko aldizkarien bilakaerari erreparatuta etorri da, hein handi batean, aldaketa egiteko erabakia

Diseinua bera ere bestelakoa da, landuagoa eta modernoagoa; pisu handiagoa dute, esate baterako, espazio zuriek eta irudiek, edukia erakargarriagoa izan dadin. Egungo prentsa idatziaren eta inguruko tokiko aldizkarien bilakaerari erreparatuta etorri da, hein handi batean, aldaketa egiteko erabakia. Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT) osatzen dugun hedabideok elkarlanean dihardugu sektoreko joera berriei modu egokiagoan erantzun eta herritarrei euskarazko informazio eskaintza kalitatezkoagoa eta erakargarriagoa eskaini nahian.

Otsaileko ale honetan landutako gaien artean, besteak beste, honako hauek aurkituko ditu irakurleak: Iker Agirrezabala urpeko arrantzaleari eta Miren Narbaiza musikariari egindako elkarrizketak, Zaporeak elkarteak Debabarrenan abiatu berri duen erronkari buruz DKTek egindako erreportajea, Kaldereroek eta inauteriek lagatako irudiekin osatutako argazki bilduma, Jo Ta Su Boxing kirol elkarteari buruzko erreportajea… Bestelako albiste, gutun eta iritziak ere jaso ditu, ohi modura, hilabetekariak.

 

 

 

 

HEMEN irakur daiteke ale osoa.