Flysch Nazioarteko Organo Jaialdiaren zazpigarren edizioa ere Deban izango dugu

Berriketan 2022ko uzt. 15a, 11:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Flysch Nazioarteko Organoaren VII. Zikloa antolatu du uztailaren 2tik 30era bitartean, Deba, Zumaia, Getaria eta Orion. Bihar, uztailak 16, izango da, hain zuzen ere, Debako kontzertua.

Flysch Nazioarteko Organoaren Zikloa urtez urte sendotzen ari da Gipuzkoako herri eta kultur eremuan. Hori horrela da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko udalen ahaleginak elkartzeari esker. Hala ere, zikloaren arduradunen esanetan “ikusten dugu gero eta jende gehiago gerturatzen dela, jatorri desberdinetakoak, eta haiek laguntzen dutela zikloa zabaltzen”.

Flysch zikloaren zazpigarren edizioak hasieratik azaldutako helburuetan sakondu nahi du: organoa ezagutaraztea, tresna aski ezezagun denez gero; gure ondarea zaindu eta balioestea; eta Gipuzkoako eskaintza kultural turistikoa erakargarriago egitea. Azken helburu horrek bereizten du gainerako zikloetatik.

Aipatu behar da zikloa uztailean zehar burutuko dela, orain arte bezala, azken bi edizioetan izan ezik. Udako itzulera hori, zorionez, azken bi urteotan bizitako osasun-larrialdiaren amaieragatik gertatu da. Horrez gain, nobedade gisa, aurten zikloaren ongintza-izaera zabaldu da, eta AECC (minbiziaren aurkako elkartea) gehitu da. Beraz, ongintzako bi kontzertu izango dira, eta hurrengo edizioetan kontzertu guztiak horrelakoak izatekoa da asmoa.

Ongintzako kontzertu horietako bat izango da (AECCren aldekoa) hain justu, bihar, 20:00etan Debako Santa Maria elizan emango dutena. Santiago Banda eta Ana B. Garcíaren eskutik Orkestrarako transkripzioak entzuteko aukera izango da; Julio Blasco García konpositoreak, berriz, 4 esku eta 4 oineko organorako moldatutako orkestra-piezen mundu-estreinaldia eskainiko du.