“Flysch beltza” gidari espezializatu baten laguntzaz ezagutzeko aukera egongo da igandean

Berriketan 2022ko ots. 15a, 09:48

Geoparkeko itsas hondo zaharrenetan barrena murgiltzeko bisita gidatua eskainiko da igande honetan, eguerdian. Debako Turismo bulegotik abiatuko da ibilbidea, oinez, eta Geoparkeko gidari espezializatu baten laguntzarekin egingo da. Sarrerak salgai daude jadanik (aurrez erreserbatu behar dira).

Debako hondartzan eta itsas pasealekuan egingo den oinezko bisita honen bitartez, bisitariek Geoparkeko flysch ezezagunenaren, hau da, Debako flysch beltzaren, sekretuen berri izateko aukera izango dute igandeko irteeran. Gidari espezializatu baten eskutik, “100 milioi urteko bidaia egingo dugu iraganera, Bizkaiko Golkoa zabaldu zen hasierako garaietara, eta itsaspeko paisaia zoragarria bistaratuko dugu: koralezko arrezife handiak, itsaspeko abaniko sakonak, lurrikarak eta naturaren harribitxi bereziak, hala nola Debako septariak”, azaldu du Geoparkeak.

COVID-19aren protokoloetara egokitutako bisita gidatua izango da. 12:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Gehienez ere 25 lagunek izango dute bertan parte hartzeko aukera (10 urtetik gorakoei zuzendutako irteera da). Sarrerak aurrez erreserbatu behar dira; salgai daude dagoeneko 8 euroan (5 euroan 13 urtetik beherakoentzat). Informazio gehiagorako: www.geoparkea.eus.