Familian lehiatzeko aukera ere emango du Debabarrenako VI. Raidak

Berriketan 2022ko ira. 12a, 12:00

Morkaiko Raid Taldeak antolatutako orientazio proba irailaren 17an jokatuko da Deban. Familia raidaz gain, Abentura raidean parte hartzeko aukera ere egongo da.

Orientazio probaren mapak proba hasi eta berehala banatuko badituzte ere, antolakuntzak probari buruzko informazio teknikoa zabaldu du. Bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko den proba familiarrak 8 kilometro eta 250 metroko desnibela dauka, eta berau burutzeko emango den denbora bi ordu eta erdikoa da. Sei baliza eta pictionary, eskorga jokoa, slackline eta mendiko bizikleta deituriko lau proba berezi egongo dira ibilbide osoan zehar banatuta.

Zehaztu dute baliza eta proba guztiak aukerakoak direla. Hau da, orden librean jaso ahalko dituzte lehiakideek oinez edo korrika txikian. Gaineratu dute “oso erraz” moztu ahalko dela ibilbidea eta talde bakoitzak bere neurrira egin ahalko duela proba. 11:00etan hasiko da proba, baina 10:30ean zumardiko musika kioskoaren aurrean egotea komeni da, emango diren azalpenak jasotzeko.

Bikoteka burutuko den Abentura raidak, ordea, zazpi orduko iraupena edukiko du, eta mendiko bizikletarekin egin beharreko bi atal eta oinez egin beharreko beste bi edukiko ditu. Ohi modura, proba bereziak ere egongo dira tartean, besteak beste: hondartzan egingo diren jokoak, eskalada eta kobazuloren batean egingo den espeleologia proba bat.

Izen ematea. Familia raidean parte hartu nahi dutenek honako estekan izena eman dezakete. Abentura raidean izena emateko azken eguna, aldiz, asteazkena (irailak 14) da. Parte hartu nahi duten bikoteek 23:55 aurretik izen eman beharko dute honako estekan. Bikoterik ez dutenek ere badute parte hartzeko aukera. Interesa dutenek debabarrenaraid@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete honako datuak zehaztuta: proban zenbat aldiz parte hartu duten, zein kategoriatan eta zenbatgarren postuan sailkatu ziren eta zein maila fisikotan dauden.