“ExerCita” programa egingo da aurten ere, osasun kognitiboa zaintze aldera

Berriketan 2021ko aza. 5a, 14:22

Udalak jakinarazi du 60 urtetik gorako herritarrek gutuna jasoko dutela egunotan osasun kognitiboa lantzeko programaren berri eman eta abenduan abiatuko diren saioetan izena eman dezaten gonbidatuz. ExerCita programaren helburu nagusia herritarrei gaitasun kognitiboak sustatzen eta zaintzen laguntzea da, egunerokotasunean ohitura kognitibo onak hartzen laguntzeko.

60 urtetik gorako pertsona osasuntsuei edota narriadura kognitibo arina dutenei zuzenduta dagoen estimulazio kognitiborako programa integrala da ExerCita. Bi ardatzek osatzen dute: egituratutako ariketa liburua eta material hau egiten duten pertsonen jarraipen eta aholkularitza. Hiru hilabeteko egitasmoa da, material eta talde saioez osatutakoa eta, hiru hilabete horietan, partaideek 20 minutuko hiru saio egin beharko dituzte astean.

Debako eta Itziarko herritarrek etxean jaso duten gutunean jasoko dituzte programan parte hartzeko jarraibideak. ExerCita-Deba programan interesa izanez gero, mezua bidali behar da exercita@cita-alzheimer.org helbidera azaroaren 12a baino lehen. Saioak abenduaren hasieran hasiko dira. 

Debako Udalak eta CITA-alzheimerrek ekimenean parte hartzera gonbidatzen dituzte 60 urtetik gorako herritarrak. Informazio gehiagorako: www.deba.eus.