ExerCita programa aurkezteko saioa antolatu dute

Berriketan 2022ko aza. 15a, 15:03
Debako Udalak eta Cita-Alzheimer Fundazioak lankidetzan antolatutako hitzaldia bihar (azaroak 16) 11:00etan izango da. Kultur Elkartean egingo duten aurkezpenera, bereziki, 60 urtetik gorako herritarrak gonbidatu dituzte.

Bi erakundeek duten lankidetzari esker, osasun kognitiboa zaintzeko programa berri bat jarri dute herritarren eskura. Paperean arkatzez egiten diren banakako ariketek eta neuropsikologo batek hilean behin Internet bidez emandako taldekako saioez osaturik dago programa, eta bertan, garunaren funtzionamenduari eta funtzio kognitiboak estimulatzeko beharrezko gakoei buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte parte hartzaileek. Iragarri dutenez, programaren xehetasun horiek guztiak azalduko dituzte biharko hitzaldian.

Honakoak dira programaren helburu nagusiak:

  • Egunerokotasunean, ohitura kognitibo onak ezartzea.
  • Zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko osasun kognitiboko ohiturak ezartzearen garrantziari buruzko gizarte kontzientzia areagotzen laguntzea.
  • Gaitasun kognitiboak indartzea eta zaintzea.
  • Gizarte harremanak sustatzea.

Programan parte hartzeko interesa dutenek Cita-Alzheimer Fundazioaren webgunean izena eman dezakete. Informazio gehiago nahi izanez gero, exercita@cita-alzheimer.org helbide elektronikora idatzi edo 943 02 17 92 telefono zenbakira deitu daiteke.