Euskaraldian izena emateko mahaia ipiniko dute Deban

Berriketan 2022ko aza. 2a, 15:22

Bi aste besterik ez dira falta hirugarren Euskaraldia hasteko, eta prestaketa lanetan buru-belarri sartuta dabiltza Debako Euskaraldiko herri batzordeko kideak. Azaldu dutenez, herritarrei azaroaren 18tik abenduaren 2ra gauzatuko den ariketa masiboan parte hartzeko dituzten aukerak azaldu eta izena ematen laguntzeko mahaia ipiniko dute udaletxe azpiko arkupean.

Hain zuzen ere, hilaren 4ean, 5ean, 11n, 13an eta 17an egongo da horretarako aukera. Iragarritako data horietan, gainera, herritarrek paparrean eramateko txapa identifikagarriak jasotzeko aukera edukiko dutela ere esan dute. Bertaratzeko aukerarik ez dutenei, berriz, Euskaraldiaren webgunean izena emateko dei egin diete herri batzordeko kideek.

Honako egun eta orduetan ipiniko dute mahaia:

  • Azaroak 4, ostirala: 18:00etatik 19:45era.
  • Azaroak 5, larunbata: 12:00etatik 14:00etara.
  • Azaroak 11, ostirala: 18:00etatik 20:00etara.
  • Azaroak 13, igandea: 12:00etatik 14:00etara.
  • Azaroak 17, osteguna: 18:00etatik 20:00etara.