Euskaraldia antolatzeko bigarren bilera antolatu dute

Berriketan 2022ko ira. 29a, 11:37

Hitzez ekiteko garaia lelopean azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den hirugarren Euskaraldirako prestakuntza lanetan buru-belarri sartuta jarraitzen dute Debako herri batzordeko kideek.

Irailaren 20an egindako bileran eratu zuten herri batzordea, eta orain lehen bilera hartan landutakoari jarraipena emango diote.

Egitasmoa prestatzeko bigarren bilera irekia asteartean (urriak 4) egingo dute, 18:30ean hasita; Agirre Jauregiko Ispiluen gelan batzeko hitzordua ipini dute. Euskaraldian “aktiboki” parte hartu nahi duten herritarrei batzarrean parte hartzeko gonbidapena egin diete herri batzordeko kideek. Gaineratu dutenez, ongi etorriak izango dira herritar guztien ekarpenak. “Norbanako, saltoki edo elkartea bazara, eta aurtengo Euskaraldian aktiboki parte hartu nahi baduzu, gerturatu herri batzordeak antolatutako bilerara”.