EuskarAbenturako gazteak Ekainberrin

Berriketan 2022ko uzt. 26a, 12:01

EuskarAbentura 2022 espedizioa Gipuzkoako kostaldean dabil egunotan eta, gaurkoan, Ekainberrin izango dira bisitan. Bertan, erreplika ikusteaz gain, arkeologia esperimentaleko tailerretan ere parte hartuko dute gazteek goizean.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta iazkoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.

Baina aurten EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatzen ari dira 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.

Gaurko etapari 9:00ak aldera eman diote hasiera Zestoan. Ekainberrirako bidea Sastarrain bailaran barrena eginda, erreplika bisitatu eta Ekain kobazuloaren ondarea eta honen garrantzia era atsegin eta ludiko batean hobeto ezagutzeko aukera izaten ari dira goiz partean. Gainera, arkeologia esperimentaleko tailerretan ere parte hartuko dute espedizioko gazteek.

Ekain kobazuloa 2008ko uztailaren 7an Unescok egindako konferentzia batean izendatu zen Munduko Ondare. Haitzuloa Madeleine aroko labar-pinturengatik da bereziki ezaguna, batik bat arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa diren zaldi-multzoen pinturengatik. Aurkikuntzaren ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurre saileko arkeologoek ondare hau ikertu eta gizarteratzeko ahaleginak egin zituzten, Jose Miguel Barandiaran eta Jesus Altunaren zuzendaritzapean. 2008an Ekaingo erreplika ireki zen, Ekainberri izena hartu zuena. Ikerketa arkeologikoak ez dira eten, azken urteotan aurkikuntza berriak egin baitira, batik bat teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatuz.