Euskal Kostaldeko Geoparkeak ebaluazio misioa jaso du UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko

Berriketan 2022ko eka. 14a, 13:59

Gaurtik ekainaren 17ra bitartean, Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek Geoparkearen kudeaketa eta esparru ezberdinetan (dibulgazioan, ikerketa zientifikoan, kontserbazioan eta natura turismoan, hain zuzen ere) egin diren aurrerapausoak aztertuko dituzte. Helburua da UNESCOren Munduko Geoparke izendapena beste lau urtez berrestea.

2018. urtean bigarren errebalida prozesua “txartel berdearekin” gainditu ostean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jaso du gaur UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko. Ebaluatzaileak erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte.

UNESCOko bi ebaluatzaileren bisita gaurtik, hilaren 14a, ostiralera arte luzatuko da. Ebaluatzaileak Alemania-Poloniako Muskau Arc UNESCO Global Geoparkeko kide Manfred Kupetz eta Italiako Pollino UNESCO Global Geoparkeko Egidio Calabrese dira eta bisitaren helburua da Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoen azterketa sakona egitea, UNESCOren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da UNESCOren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kide. UNESCOren Munduko Geoparkeek izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen funtzionamendua eta kalitatea, errebalida prozesu zorrotz baten bitartez. Azterketaren emaitza uda ostean emango dute ezagutzera.