Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisitari ugari jaso ditu Aste Santuan

Berriketan 2023ko api. 24a, 11:46

Datuak “positiboak” izan dira Deba, Mutriku eta Zumaiaren kasuan, bai turismo bulegoetara jo duten bisitarien kopurua eta antolatutako bisita gidatu zein irteeretako datuei erreparatuta.

Zehaztu dutenez, Aste Santuko lehen hiru egunetan erakarri zuen jende gehien Geoparkeak; hau da, apirilaren 6tik 8ra. “Publiko zabalari eskainitako jarduera erakargarriak eskaini ditu Geoparkeak aurten ere, Deba, Mutriku eta Zumaiako ondare kulturala, naturala eta geologikoa ezagutzera emateko, eta, horri esker, ehunka lagunek gertutik ezagutu dute lurraldearen aniztasuna”.

Datu aipagarritzat zehaztu dute bisita gidatuetan parte hartu dutenen jatorria, hala nola, gipuzkoarren kopuruak nabarmen egin duela gora: “Euskal Herriko bisitarien artean gehiengoa osatu dute, nafarrekin eta bizkaitarrekin batera”. Kanpotik jasotako bisiten artean, Kataluniatik eta Madrildik etorritakoak izan dira ugarienak. Hala ere, Aragoi, Valentzia eta Gaztela Leonetik ere bidaiari asko gerturatu da aurten.

Gaineratu dutenez, bisitarien gehienek Internet bidezko erreserba aukeratu dute euren erosketak egiteko “azken urteetako tendentziarekin jarraituz”. Bisita gidatuen ondoren jasotako inkesten arabera, gehien baloratu diren kontuak honakoak izan dira: jasotako tratua (9,5/10), eta giden azalpenak (9/10)”.