Euskal Jaiko bazkari herrikoia antolatzeko bilera irekia deitu dute

Datorren asteazkenean (irailak 13) egingo dute bilera irekia. Kultur Elkarteko liburutegian jarri dute hitzordua, 18:30ean.

Urteroko hitzorduari eutsiz, iraileko azken larunbatean ospatuko da Euskal Jaia Deban. Aurtengo ospakizuna irailaren 30erako iragarri dute, eta beste urte batzuetako dinamikari eutsita eta Kultura Batzordeak prestatuko duen egitarauari bere ekarpena egin nahian, Zuhatza Euskara Elkarteak bazkari herrikoia antolatuko du.

Euskara elkarteko kideak jada hasita daude lehen prestaketa lanekin, baina herri bazkariaren nondik norakoak (formatua erabaki, eguneko plangintza egin… ) zehaztu, boluntarioen taldea osatu eta arduren banaketa egiteko asmoz, bilera irekia deitu dute. Irailaren 13an egingo dute bilera, 18:30ean hasita, Kultur Elkarteko liburutegian. Antolakuntzan laguntzeko prest dauden guztiak bertan parte hartzera animatu dituzte.