Euskal Jaiaren antolakuntza lanetan jasotako babesa eskertu du Zuhatzak

Berriketan 2022ko ira. 29a, 14:12

Balorazio positiboa egin du euskara elkarteak. Egitarauaren baitan antolatutako ekimenek izan zuten harrera beroa nabarmentzeaz gain, antolakuntza lanetan laguntzen aritu ziren boluntario guzti-guztien lana eskertu du.

Aurrez zein egunean bertan, hamarnaka boluntariok lagundu zuten Euskal Jaia prestatzeak dakartzan eginbehar guztiak aurrera eramaten. Euskal makarroi lehiaketa antolatzea, bazkari herrikoiko mahai eta aulkiak jartzea, 200 lagunentzako paella jana prestatzea, zozketarako produktuak musutruk eskaintzea, saskiak atondu eta zozketarako txartelak saltzea, txosnako txandak egitea, pilotalekua txukuntzea…

Elkarteko kideek guztien laguntza eskertu dute. “Erronka ez zen erraza eta oso pozik gaude emaitzarekin, zentzu guztietan. Eguraldi txarra izan genuen arren, ohiko moldera itzuli da aurten ospakizuna eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu modu batean zein bestean laguntzeko prestutasuna agertu duten guzti-guztiei. Boluntario lanetan jarduteko izena emana zuten askok aurrez, eta egunean bertan beste hainbat lagun ere aritu ziren lanean. Mila esker guztioi!”.