Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketaren kanporaketa, otsailaren 25ean, Deban

Berriketan 2023ko ots. 13a, 09:06

Herrialdeko kanporaketa Arrano Elkartean jokatuko dute; nahi duten bikoteentzako bazkaria ere egongo da.

Abian da Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketa, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, Debara ere iritsiko da txapelketa; otsailaren 25ean Arrano Elkartean jokatuko dute Gipuzkoako kanporaketa. Izen ematea 16:30ean zabalduko dute, eta bikote bakoitzak 20 eurona ordaindu beharko ditu parte hartzeko. Lehia, berriz, 17:00etan hasiko da. “Euskal Herriko Mus Federazioak txapelketarako prestaturiko arauen arabera jokatuko da txapelketa. Arauak eskura izango dituzue lehen saiotik, baita webgunean ere”.

Gaineratu dutenez, nahi duten bikoteentzako bazkaria ere egongo da. 14:30ean izango da bazkaria, eta izena emateko azken eguna otsailaren 23a da. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa da, eta bertan parte hartzeko interesa daukatenek 669 800 318 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidali edo Zalburdi tabernan izena eman beharko dute.

Antolatzaileek parte hartzera animatu dituzte herritarrak, eta beste herri batean bizita ere parte hartu ahal dela gogorarazi dute. Hainbat sari banatuko dituzte kanporaketa bukatzean, eta parte hartzaile kopuruaren arabera, Gipuzkoako finalera sailkatzeko aukera egongo dela iragarri dute. “Zenbat eta bikote gehiago aurkeztu, Gipuzkoako finalean orduan eta herriko ordezkari gehiago egoteko aukera egongo da”.

Euskal Herriko irabazleek txapela, garaikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzako bidaia Karibera irabaziko dute

Gipuzkoako finala ere, Deban. Euskal Herriko Mus Federazioko ordezkariek azaldu dutenez, Deban jokatuko da Gipuzkoako finala ere. Martxoaren 11n, 15:00etan hasita, frontoian jokatuko da norgehiagoka. “Gipuzkoako eta gainontzeko sei herrialdeetako finalak egun berean jokatuko dira”.

Gipuzkoako finalean eta gainontzeko sei herrialdeetako finaletan sailkatzen direnek, berriz, martxoaren 25ean Zornotzan (Bizkaia) jokatuko den final nazionalean parte hartzeko txartela eskuratuko dute.

Hainbat sari egongo dira jokoan. Euskal Herriko irabazleek txapela, garaikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzako bidaia Karibera irabaziko dute; txapeldunordeek garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia Karibera; hirugarren gelditzen den bikoteak 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat, eta laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula. 5.etik 8.era sailkatutako bikoteek, bestalde, 250 eurona irabaziko dituzte , eta 9.etik 16.era sailkatutakoek, berriz, 100 eurona.