Euskadiko Taldekako Txapelketatik kanpo geratu dira Debako tenis jokalari gazteak

Berriketan 2023ko ots. 14a, 13:46
Getxoko taldearen aurka 2-3 galdu ostean, finalerdietara igarotzeko txartela lortzeko aukerarik gabe geratu dira Mutrikuko Luaran tenis klubeko Jakes Albizu, Lander Oñederra, Oihan Vesga eta Anderson Quispe debarrak eta Azpeitiko Oñatz tenis klubeko Julen Saizar azpeitiarra.

Euskadiko Taldekako Tenis Txapelketaren final-laurdenak jokatuta, erabakita geratu dira finalerdiak jokatuko dituzten taldeak, eta Getxoko taldearen aurka 2-3 galdu ostean, lehiatik kanpo geratu da Mutrikuko Luaran eta Azpeitiko Oñatz tenis klubeko kideez osatutako gizonezkoen kimu mailako taldea.

Norgehiagoka otsailaren 5ean jokatu zuten, aurreikusitakoa baino beranduago. “Partida atzeratu egin behar izan zen eguraldiaren iragarpenagatik. Partida, azkenean, Azpeitian ordez, Getxon jokatu genuen. Euri pixka bat zegoen iragarrita, eta Getxoko klubean pista estaliak daudenez, han jokatzea erabaki genuen; bestelakoan, txapelketa gehiegi atzeratzeko arriskua zegoen”, azaldu du Sergio Urriza Luaran tenis klubeko arduradunak.

Oñatz tenis klubaren izenean lehiatu ziren Luaran tenis klubeko lau kideak. Argazkia: Luaran tenis kluba.

Oñatz klubaren izenean lehiatu den taldea kimu mailako lehen urteko jokalariez osatua dago, eta txapelketan aurrera egiteko garaian “esperientzia falta hori” igarri egin dela gaineratu du Urrizak. “Kontuan hartu behar da aurkariak urtebete zaharragoak zirela. Getxo, gainera, oso talde lehiakorra da; gurekin alderatuta, ordu gehiago entrenatzen dute. Aurkariek guk baino indar eta esperientzia handiagoa zuten, baina, hala ere, nahikoa maila ona erakutsi eta euren aurka ondo eutsi genuen; galdu bagenuen ere, txapelketari itxura ematea lortu genuen, eta hori pozteko modukoa dela iruditzen zait”.

Banakako partidetan “nahikoa ondo” moldatu ziren Oñatz taldeko kideak: bina berdindu zuten. Lehen partida galdu egin zuen Lander Oñederrak; Mario Ortegak 6-0/6-1 menderatu zuen. Bigarren eta hirugarren partidak, aldiz, nagusitasun osoarekin irabazi zituzten Oñatz taldeko ordezkariek: Anderson Quispek 7-5/6-3 irabazi zuen Alejandro Onzainen aurka eta Oihan Vesgak 7-5/6-2 irabazi zuen Paul Manzanedoren aurka. Banakako azken partida galdu egin zuen Jakes Albizuk; Jon del Hoyok 6-1/6-1 hartu zuen mendean.

Bina berdindu ondoren, binakako partidan erabaki zen final erdietara igarotzeko txartela. Mario Ortega eta Jon del Hoyo izan zituzten aurkari Anderson Quispek eta Oihan Vesgak; 3-6/0-6 emaitzarekin galdu zuten. “Hurrengo fasera igarotzeko esperantza azken unera arte bizirik mantendu bagenuen ere, jokoan zegoen puntu erabakigarria getxoztarrek eskuratu zuten”.

Sergio Urriza: “Guretzako oso esperientzia ederra izan da, eta txapelketaren hurrengo fasera igarotzeko aukera gabe geratu bagara ere, asko ikasi dugu; hori da esperientzia honetatik daramagun ikasgairik handiena”

Jardunaldiko azken partida “nahikoa parekatua” hasi zuten, eta Oñatz taldeko kideak gogor saiatu baziren ere, ezin izan zuten hura irabazteko askorik egin. “Quispe eta Vesga ez ziren oso eroso aritu. Jokalarietako batek, gainera, ia bi ordu iraun zuen bakarkako partida jokatu zuen aurretik, eta nekearen eragina bistakoa izan zen. Hainbat urrezko puntu ere galdu genituen, eta horrek guztiak lehen setean aldeko puntua eskuratzeko bidea ireki zien aurkariei. Hori bai, aurkariek uste baino gehiago sufritu behar izan zuten”.

Bigarren setean “okerrago” ibili ziren Oñatz taldeko jokalariak. “Getxoztarrek nahi zuten lekuan izan zuten partida, eta gure jokalariak partidaren norabidea aldatzeko gogor saiatu baziren ere, ez zuten aukera berriak sortzeko orduan asmatu. Gureak ezinean ibili ziren, baina, hala ere, nortasunez jokatzen jarraitu zuten azken unera arte”.

Txapelketan aurrera egiteko aukera galdu badute ere, taldeko kideek “esperientzia ederra” bizitzeko aukera izan dutela azpimarratu du Urrizak. “Pena handia izan da, baina pozik gaude jokalariek egindako lanarekin eta ahaleginarekin. Guretzako oso esperientzia ederra izan da, eta txapelketaren hurrengo fasera igarotzeko aukera gabe geratu bagara ere, asko ikasi dugu; hori da esperientzia honetatik daramagun ikasgairik handiena. Are gehiago, jokalariak oso gustura ibili dira, eta datorren urtean esperientzia errepikatzeko gogo handiarekin geratu dira”.