Eskualdeko Energia Bulego Birtuala aurkeztu dute Debegesaren egoitzan

Berriketan 2021ko urr. 14a, 10:43

Debabarreneko udalek, Debegesarekin elkarlanean, energia berriztagarriei eta birgaitze iraunkorreko obrei buruzko aholkularitza zerbitzua jarri dute martxan.

Energiaren Bulego Birtuala izena du zerbitzuak eta energia.debegesa.eus webgunean dago eskuragarri herritarrak bete behar duen inprimakia.

Zehazki, etxeko eraginkortasun energetikoaren inguruan (berokuntza, etxetresna elektrikoak, inguratzaile termikoa eta argiztapena) eta birgaitze iraunkorreko obren inguruan (eguzki-energia fotovoltaikoa, eguzki-energia termikoa, aerotermia, biomasa eta geotermia) kontsultak egin ahal izango dira. Gainera, faktura elektrikoari buruzko kontsultak bilduko dituen atal bat gehitu da. Bertan, energia-fakturaren azterketa eta aurrezteko eta kontsumitzeko ohituren inguruko aholkuak emango dira.