Errenta aitorpena euskaraz egitera dei egin du Debako Udalak

Berriketan 2023ko api. 12a, 12:18

Deban iazko ekitaldian egin ziren 2.900 errenta aitorpenetatik 829 egin ziren soilik euskaraz, hau da, %28,58a.

Errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da. Gipuzkoan, esaterako, apirilaren 3an hasi zen 2022ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Aurreko urteetako bideari jarraituz, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina hasi dute UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok elkarlanean, tartean, Debako Udalak. Kanpainaren sustatzaileek adierazi dute errenta aitorpena euskaraz eginda, euskarari bide berriak irekitzen zaizkiola eta, aldi berean, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen dela.

Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dagoela dio UEMAk. “Horretan eragin nahi dute UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez”. Deban, esaterako, iazko kanpainan egin ziren 2.900 errenta aitorpenetatik soilik 829 egin ziren euskaraz, hau da, %28,58a. Gainontzeko beste 2.071 errenta aitorpenak (%71,42) beste hizkuntzetan egin ziren.

UEMAk dio administrazioa euskalduntzeko bidean “eredu” izan nahi duela. “Bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpenak ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea”. Helburu hori lortzeko bidean, udalen eta erakunde publikoen elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa direla gaineratu du. “Kanpaina honekin hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere”.

Nola egin errenta aitorpena euskaraz?

Errenta aitorpena egiteko erabiltzen den modua edozein dela ere, hau da, zergadunek autolikidazioa jasotzen badute, mekanizatua egiten badute edo Internet bidez egiten badute, euskaraz egiteko borondatea adierazi dezakete:

  • Autolikidazio proposamena: jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi dutela esan behar dute zergadunek; ogasunak aurrerantzean euskaraz bidaliko ditu agiriak.
  • Mekanizatua. Hitzordua hartzerakoan, ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi behar dute zergadunek. “Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere. Ogasunak sinatzen ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu”.
  • Internet bidezkoa: programaren euskarazko bertsioa deskargatu Internetetik eta euskara hautatu behar da hobetsitako hizkuntzaren atalean. “Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean, esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”.