Elikagai bankuko boluntarioek elikagaiez betetako hamabi kutxa batu dituzte Deban

Berriketan 2022ko abe. 23a, 09:34

Azaroaren 25ean eta 26an egindako elikagai bilketa nagusia “arrakastatsua” izan zela nabarmendu dute Debako Elikagai Bankuko kideek. Esker onez agertu dira, beste behin ere, herritarrek emandako erantzunarengatik.

Azaldu dutenez, elikagaiez betetako hamabi kutxa bildu zituzten. “Datu zehatzak ez ditugu urtarrilera edo otsailera arte jasotzen, baina Deban bilketa ondo joan dela esan genezake. Janariz betetako hamabi kutxa bidali genituen lurraldeko bulego nagusira; gure kalkuluen arabera, mila kilo inguru ditu kutxa bakoitzak”.

Esker onez agertu dira, eta herritarrak “oso eskuzabalak” izan direla gaineratu dute. “Herritarrek oso ondo erantzun ohi dute beti, eta honakoa ere ez da izan salbuespena. Oso harro eta eskertuta gaude”. Elikagaiez gain, dirua ere batu zuten. Guztia Bergaran eta Donostian zenbatu arte datu zehatzik ez baldin badute ere, diru dezente jaso zela uste dute.

Batutako elikagaiak eta diru guztia herriko 45 familiari laguntzeko erabiliko dute. “Udalaren laguntzari esker, eta Caritasekin elkarlanean, gainera, hilero banatzen ditugun sortetan haragia, arraina, arrautzak, fruta eta barazki freskoak ematen ditugu”.