Elene Ramirezek urrezko domina lortu du bere taldekideekin Euskalgym 2022an

Berriketan 2022ko aza. 29a, 10:00

Elene Ramirez gimnastikalari debarrak urriaren 28tik 30era BECen egin zen Euskalgym txapelketa irabazi du; Naroa Alonso, June Araujo, Elene Lazpita eta Nahia San Martin Eibarko Ipurua gimnasia klubeko gazte mailako oinarrizko taldekideekin erdietsi du urrezko domina.

Eibarko Ipurua gimnasia klubeko talde teknikoaren arduradunen esanetan, bi uztai eta hiru maza pareekin egindako “lan bikainaren fruitua” da Euskalgymen lortutako emaitza.

Euskal Herri eta Espainia mailan egiten den txapelketarik entzutetsuenetakoan lortutako garaipen horri esker, gainera, azaroaren 9tik 13ra Jerez de la Fronteran (Cadiz, Espainia) jokatu zen oinarrizko taldeen Espainiako Txapelketarako sailkatu ziren Ramirez eta haren taldekideak. Taldea hilaren 11n atera zen tapizera, eta parte hartu zuten 130 taldeen artean 10. postuan amaitu zuen lehia. “Lortutako emaitzarekin oso harro gaude. Zaila izan den denboraldiari amaiera bikaina eman diogu”, adierazi dute talde teknikoko arduradunek.

Taldea denboraldi biribila egiten ari da. Ikasturtea hasi denetik hainbat txapelketa jokatu dira, eta horietan hainbat lorpen izan dituzte; besteak beste, Gipuzkoako txapelketan urrea eta Euskadikoan zilarra eskuratu dituzte.