Electricidad Perosanz-en lehen garaipena

Berriketan 2022ko urt. 31a, 11:22
Duela bi asteburu iritsi zen Electricidad Perosanz Debasket-en lehen garaipena. Tolosako Take taldearen kontra izan zen norgehiagoka; izerdi asko bota zuten jokalariek, baina azkenean garaipena Debara ekartzea lortu zuten.

Debasket Saskibaloi Klubeko kideen esanetan, “denboraldi osoan zehar hainbat desgrazi jasan behar izan dute, batik bat lesioak izan dira, baina badirudi bueltan dela hainbeste poz ekarri digun taldea. Zaila dirudi kategoria mantentzea, baina zaila denak ez du ezinezkoa denik esan nahi. Eta horretarako lanean dihardute bai entrenatzaileek eta baita jokalariek ere”. Badirudi urte osoan zehar egin duten lana hasi dela bere fruitua ematen eta azken asteburu honetan ere “hortxe-hortxe” izan dute garaipena. Azkenean galdu egin bazuten ere, bukaerara arte partidan fin lehiatu ziren Electricidad Perosanz-eko kideak, “eta hori da garrantzitsuena”, klubeko ordezkarien esanetan.

Zalburdi Debasket taldeari dagokionean, azken bi partidak galdu egin ditu; eibartarren aurkakoa irabazteko aukera izan bazuen ere, larunbatean ez zen batere fin ibili Andoainen jokatutako norgehiagokan.

Bestalde, azken astebukaera honetan infantilen partidak ere itzuli dira. Urkunde Debasket taldea partaidetza-mailan ari da jokatzen, baina lehendabiziko faseko talde onenekin ari da bigarren fasea lehiatzen. Astebukaeran ez zuten garaipenik lortu infantilek.