‘Ehun udal eta hamaika gehiago’ ekitaldia egingo du Uemak martxoaren 25ean Azpeitian

Berriketan 2023ko mar. 7a, 09:55

Mankomunitatea ehun udalerri izatera ailegatuko da egun horretan, eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu du.

Datorren martxoaren 25a mugarria izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (Uema) historian. Mankomunitatea ehun udal izatera ailegatuko da, eta behin zenbaki biribil horren langara helduta, ekitaldi berezia egingo du Azpeitiko Soreasu antzokian, 11:00etan hasita. Ekitaldiaren helburua da “mankomunitatea osatzen duten udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri honek egin duen ahalegina ikusaraztea eta omentzea”.

Antolatzaileek jakitera eman dute ekitaldira joateko izen ematea zabalik dagoela. Antzokiak 540 ikuslerentzako lekua du, eta bete daitekeela aurreikusita, aurrez izena ematea ezinbestekoa dela gogorarazi dute. Horretarako, nahikoa izango da sarean jarri duten inprimakia betetzea.

Musika, dantza eta bertsoa uztartuta. Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia. Oholtza gainean, besteak beste, honakoak ariko dira zuzenean: Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariak, Jon Maia bertsolari eta musikaria edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberra.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia egingo du Uemak, Soreasu antzokian bertan, 09:45ean hasita

Euskal Herriko erakundeetako zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza ekitaldian, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. Besteak beste, Uemaren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburra proiektatuko dute, eta Uemaren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo dute hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian. Ekitaldia Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak itxiko du.

Uemako kide diren ehun udaletako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dituzte ekitaldira. “Ehun udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik. Erakunde publikoetako zein euskalgintzako ordezkaritza zabalari bidali zaio gonbidapena eta, udalen laguntzarekin, baita modu batera edo bestera ehun udal horietan euskararen inguruan lanean aritu diren euskaltzaleei ere”.

Ezohiko batzar nagusia. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia egingo du Uemak, Soreasu antzokian bertan, 09:45ean hasita. Uemako kide diren udaletako alkateek eta ordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan iritsiko da Uema ehun udal baino gehiago izatera.