Egunotan hasiko dituzte Osio kaleko sarrera eta irteera hobetzeko lanak

Berriketan 2022ko aza. 21a, 13:54

Udal iturriek jakitera eman dutenez, ibilgailuen sarrera eta irteerak hobetzeko helburuarekin egingo dituzte lanak. “Oso egoera txarrean” dagoen Osio 2 zenbakiko eraikina eraitsiko dute zeregin horretarako. Aurreikuspenen arabera, lau astetan amaituko dituzte lanak.

Lanak egunotan hasiko direla eta faseka egingo direla iragarri dute. Lehen fasean, esaterako, agerian dauden instalazioak (argiteria publikoa, argi eta telefonia konpainien instalazioak…) behin-behinean desbideratzea eta amiantoa kentzea izango da helburua. “Lehen aurreikuspena da lan hauek astebetean egitea, baina gerta daiteke konexio elektrikoekin denbora gehiago behar izatea ere”. Azaldu dutenez, lehen fasearen iraupenak baldintzatuko ditu hurrengoen hasiera datak ere.

Bigarren fasean, berriz, Osio 2 zenbakiko etxea eraisten hasiko dira. “Segurtasuna bermatze aldera, jaurtiketen aurkako errezelekin eraitsiko dira eraikinaren fatxadak”. Eraisketa lanak segurtasunez burutu ahal izateko, gainera, errepide nagusiko bide bat moztuko dute, eta Osio kalean sartzeko eta ateratzeko leku nahikorik ez dela geratuko ere aurreratu dute. Hori dela eta, lanak egiten ari diren bitartean, Astillero kaletik bideratuko dute zirkulazioa; txandaka sartu eta irtengo dira ibilgailuak. Bigarren faseko lanak ere astebete inguru irautea aurreikusi dute.

Beste astebete inguru iraungo duen hirugarren fasean, aldiz, eraitsitako etxearen hondakinen sailkatzea egingo dute. Guztiarekin amaitzeko, proiektatutako urbanizazioa egingo dute. “Agerian zeuden kable guztiak lurperatu, eta asfaltatze lanak eta margotze lanak egitea aurreikusten da fase honetan. Fase hau ere astebetean egingo dela aurreikusten da”.

Obra Egurki Eraikuntzak enpresari esleitu diote, eta 141.262,16 euroko (BEZ barne) aurrekontua du.