Egun gutxi barru amaituko da Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko epea

Berriketan 2021ko aza. 2a, 12:51

Azaroaren 5a arteko epea izango dute Beldur Barik 2021 lehiaketan parte hartu nahi dutenek euren ikus-entzunezko lanak bidaltzeko. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketaren xedea ikus-entzunezko produkzioen bidez gazte hauek desberdintasun egoeren aurrean nola erantzuten duten eta indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin aurre nola egiten dieten erakustea da.

Debako Udalak jakinarazi duenez, aurten ere herri mailako lehiaketa egingo da Azaroaren 25aren harira. Hiru kategoria bereizten dira aurtengo deialdian: lehenengoa 12-13 urtekoena, bigarrena 14-18 urte artekoena eta hirugarrena 19-26 urte artekoena. Debako tokiko oinarriak hemen kontsulta daitezke, eta parte hartu nahi dutenek inprimaki bat bete beharko dute. Kategoria bakoitzeko lan onenari 100€-ko saria emango zaio, azaroaren 26an egingo den sari banaketan; ekitaldia 19:00etan egingo da.

Beldur Barik egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak ondorengo estekan aurkitu daitezke: https://www.beldurbarik.eus/eu/.