Durangoko Azokak “eztanDA!” egingo du gaurtik abenduaren 11ra bitartean

Berriketan 2022ko abe. 7a, 10:24

Azken bi urteotako murrizketak alde batera lagata, ohiko formatua berreskuratuko du aurten Durangoko Azokak. Gaurtik, abenduaren 7tik, 11ra bitartean egingo da, EztanDa! lelopean, eta, aurrez aurreko salmentaz gain, online dendari ere eutsiko dio.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, 57. Durangoko Azokan euskal kulturaren “eztanda” biziko da: “Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda”.

Ideia horri tiraka sortu du, hain justu, Ruben Ramos diseinatzaileak aurtengo azokarako kartela. “Ilustrazioak unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literaturak, bai musikak, beste leku batera eramaten gaituen isla”.

Kartela ez ezik, DA! irudi korporatiboarekin batera zabalduko den ikono berri bat ere sortu du egileak aurtengo ediziorako: “Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena”.

Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du aurtengo azokarako kartela.

Ohiko guneak. Ikasle Goizarekin emango diote hasiera egitarauari gaur bertan. Bertaratuko diren milaka ikasleek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute –komikiak sortzeko tailerrean edo PortaDa! erronkan, esaterako–. Eta, lehen aldiz, hezitzaileek tailerrak jasoko dituzte –hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioan eta euskal kulturaren transmisioaren gaineko solasaldian–.

Horrez gain, bost eguneko kultura programazioa izango da bertaratzen direnentzat, hainbat gunetan banatuta: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Askotariko hitzorduak egongo dira bertan aukeran, beste behin ere.

Ahotseneako eszenatokian, adibidez, 47 talde arituko dira eta, azken urteetan bezalaxe, zuzeneko emanaldiak Plateruenan izango dira. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. “Ahotsenea sortzaileen topalekuak 15 urte beteko ditu aurten eta ospakizun berezi honetarako bost eguneko musika-maratoia antolatu dugu”, nabarmendu dute guneko arduradunek.

Online denda. Landako guneko aurrez aurreko erakusmahaiez gain, aurten ere erosketak etxetik egiteko aukera egongo da abenduaren 7tik 10era. Denda digitalean –durangokoazoka.eus atarian– azokako nobedade guztiak egongo dira eskuragarri. Eta behin azoka amaituta, abenduaren 11tik aurrera, Zu non, han Da! egitasmoaren bitartez, Euskal Herriko hamaika dendatan Durangon aurkeztuko diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez. Horrez gain, liburu aurkezpenak ere antolatuko dira hainbat saltokitan.

*Durangoko Azokaren eta bertan izango diren eskualdeko kulturgileen inguruko informazioa Debabarreneko Komunikazio Taldeak (DKT) ondutako gehigarri berezi honetan duzue.