Desmond Madjitey gaztea sukaldean jo eta su

Berriketan 2022ko eka. 1a, 12:21
Mendata ikastetxetik iritsia zaigu berria oraintsu: Desmond Madjitey oso gogotsu omen dabilela su eta labe artean postre goxo eta bestelako jakiak ere prestatzen eta, azkenaldian, bere YouTubeko kanaletik, afizioa duenari edo sukaldean oso trebea ez denari, nahi duen orori, errezeta horiek nola egin azaltzen.

Bost urte zituenean hasi zitzaion afizioa Desmondi eta ordutik areagotu besterik ez zaio egin. Horregatik, etxekoek bere joera ikusita, herrian antolatu zuten sukaldaritza-ikastaro batean apuntatu zuten, hiru hilabete iraun zituena.

Orain dela bi hilabete, “La cocina de Desmond” izeneko kanala abiatu zuen YouTuben eta bertan hasi zen gustuko errezeten berri ematen eta pausoz pauso azaltzen. Orain arteko bideo guztiak gaztelaniaz izan badira ere, aurrerantzean euskarazko bideoak egiteko asmoa ere badu.

Postreak eta bestelako errezetak

Postreak ditu bereziki gustuko gazteak, eta horien errezetak dira egiten dituen gehienak (bizkotxoa, trufak, crepak, galletak…), gainera osagai gutxirekin eta erraz egiteko moduan azaltzen ditu. Hala ere, bestelakoak ere egitera animatu zen, eta patata-tortilla edo dilisten bideoak ere igo ditu ordutik.

Hasiberria izateko, ez du batere harrera txarra izan: 300 bisitaldi baino gehiago izan ditu Desmonden bideo batek eta hamarnaka iruzkin jasotzen dituzte bere bideoek, besteak beste, egiten duena eskertuz, asko Debako gaztetxoenak.