Desberdintasunaz eta aniztasunaz hausnartzera gonbidatu “Naian”

Berriketan 2022ko eka. 21a, 18:06

Umeentzako album ilustratua plazaratu dute Nerea Loiola debarrak eta Jon Aranguren ilustratzaile zarauztarrak: Naian. Ekainaren hasieran egin zuten haren aurkezpena Donostian.

“Zergatik dago buruz behera? Eta, norbait betirako desberdina bada, zer?” eta gisako galderak egiten zaizkio irakurleari Naian album ilustratuaren orrietan. Desberdintasuna du jomugan Nerea Loiola idazleak eta Jon Aranguren ilustratzaileak elkarlanean kaleratutako lanak, eta buruz behera dagoen Naian haurra da liburuaren abiapuntua. 

Ekainaren 7an aurkeztu zuten Donostiako Udal Liburutegian, Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorearekin batera. Eskola da eszenatoki literarioa, eta eskolan hasi berria den Naian eta haren ikaskideak dira liburuko protagonistak. Razkinek aurkezpenean esandakoaren arabera, “ongi agertzen da zein desberdina den haurren eta helduen enfokea” desberdintasunei dagokienez.

Buruz behera dagoen haurra da Naian, baina, errealitatean, “edonor” izan daiteke buruz behera dagoena, Loiolaren arabera

Galtzagorriren Biko-Teka tailerraren fruitua izan da album ilustratua, eta 2-7 urte arteko irakurleei zuzenduta badago ere, Loiolak azaldu zuen irudiek bide ematen dutela “irakurketa zabalago” baterako. “3 urteko batek irakurketa bat egingo du, 6 urteko batek beste bat, 12koak beste bat, eta heldu batek beste bat”.

Loiolaren hitzetan, helduek beharra sentitzen dute “gure normatik at ikusten dugun guztia, izendatu, ulertu eta nonbaiten kokatzeko”. Behar hori haurrei transmititu ohi zaie, sarritan, beraiek ez dutenean sentitzen, idazleak aipatu zuenez. “Asmo txarrik gabe” transmititzen den beharra dela uste du Loiolak, eta “irakurlea istorioaren parte sentitzea eta hausnarrean iritzi propioa eraikitzea” bilatzen du albumak.

Buruz behera dagoen haurra da Naian, baina, errealitatean, “edonor” izan daiteke buruz behera dagoena, Loiolaren arabera. “Denok izan gaitezke desberdin, segun eta geure burua norekin konparatzen dugun”. Hori horrela, idazleak berretsi zuen aniztasuna irudikatzen duela Naian pertsonaiak, “zentzurik zabalenean”.

Testuei erreparatuta, palindromoek garrantzi berezia daukatela jakinarazi zuen idazle debarrak. Liburuko narratzailea inguruko jendearen esamesen zurrunbiloan sartzen da noizbehinka, eta horietatik ihes egin nahi duenean, palindromoak erabiltzen ditu. Itziar Gartziari eta Jon Ander Aranbururi maileguan hartu dizkiete palindromo horiek, Abere ba palindromo ilustratuen piztegia liburutik.

Sormen-prozesuan eskutik

Aranguren zarauztarraren lehen album ilustratua da Naian. Biko-Teka tailerrak “beste modu batera” lan egiteko aukera eman diela azaldu zuen Arangurenek. Bere arabera, ilustratzaileek normalean testuak jasotzen dituzte eta ondoren hasten da haiek ilustratzeko lana. “Hemen eskutik joan gara, elkarlana izan da”, azaldu zuen aurkezpenean zarauztarrak. Aurretik ere Aranguren parte den Asteazkenak proiektuak egina zuen Loiolaren Epizentroa helduentzako narrazio laburren bildumarentzako azala.

Ilustrazio “ezberdinak” nahi zituzten, ez “haurrentzako albumetan ikustera ohituta gauden estilokoak”. Hala, Aranguren ahalegindu da “aire freskoa” ematen ilustrazioei.