Deban egingo dute UEMAren batzar nagusia

Berriketan 2022ko abe. 15a, 11:53

UEMAko kide diren udaletako ordezkariek larunbat honetan, abenduaren 17an, egingo dute urte amaierako batzar nagusia. Luzaro ikastetxean izango da bilkura, 10:00etatik aurrera.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2022an bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, 2023rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte larunbateko batzarrean, “betiere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena”.

Horiez gain, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Azken unean, gainera, udal berri bat izan daiteke horien artean. Izan ere, Asteasuk eta Hernanik azaroan onartu zuten UEMAko kide izateko eskaera egitea, eta Astigarragako Udalak gaur (abenduak 15) egitekoa duen udal osoko bilkuran har dezake erabakia; onartuz gero, hiru udalerrietako eskaerak iritsiko dira UEMAren batzar nagusira. Eta, bertan, batzarkideek hiru eskaera horiei oniritzia emanez gero, 97 udal izango lirateke UEMAko kide larunbat honetatik aurrera. 

“Denen artean 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute”, nabarmendu dute UEMAko kideek. “Azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez, eta horrek isla du UEMAko kide diren udalen kopuruan ere. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 udal ziren UEMAko kide, eta hiru gehiago izan daitezke larunbat honetatik aurrera, 97 udaletara helduz eta 100 udalen langara hurbilduz“.