Deban banatu dute Gure Eskuren Tripontzia zozketaren sari nagusia

Berriketan 2023ko urt. 17a, 12:23
Gure Esku herri dinamikak urtero egiten duen Gabonetako Tripontzia zozketa egin zuten atzo (urtarrilak 16), Beasainen, notarioaren aurrean. Guztira, 52.000 euro zozkatu ditu Gure Eskuk.

Zenbaki irabazlea Deban saldu dela jakitera eman dute. 30.000 euroko sari nagusia, zehazki, 33353 Diaspora izenezko serieak irabazi du. Lehenengo zenbaki sarituak, gainera, sari gehiago ere utzi dituela jakitera eman dute. Zenbaki horren gainerako zazpi serieak dituztenek 2.000 euroko diru saria irabazi dute; Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoan saldu dira zenbaki irabazlearen gainerako serieak.

Bigarren saria ere ez da hain urruti tokatu. Bigarren saria, hain justu, Ondarroan egokitu da. 30453 zenbakiak zortzi serie ditu, eta serie bakoitzaren irabazleari 1.000 euro egokitu zaizkiola aditzera eman dute.

Urtero bezala, kultur sorkuntzari lotuta etorri da Gure Eskuren Tripontzia ekimena: zozketako txartelekin batera, erosleek 6 eta 12 urte bitarteko irakurleentzako Izar eta Estel 2 liburua jaso dute bertsio digitalean, eta aurtengoan, gainera, euskarri fisikoan ere eskuratzeko aukera izan dute. “Gure Eskuk apustu berri bat egin du Gabonetako zozketarekin batera banatzen duen kultur produktua euskarri fisikoan ere plazaratuz”. Ane Labaka da liburuaren idazlea, Unai Gaztelumendi ilustratzailea, eta Jon Elordi itzultzailea.