Debako Udalak euskara ikasleentzako diru laguntzen deialdia zabaldu du

Berriketan 2022ko urr. 10a, 12:53

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan parte hartu duten herritarrek ere diru laguntzak eskatzeko aukera edukiko dute. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 15a da.

Deban erroldatuta dauden eta 2021-2022 ikasturtean euskara ikastaroak egin zituzten ikasleei diru laguntzak emango dizkie Debako Udalak. Zehaztu dutenez, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak edo Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroak egin zituztenak izango dira azken deialdiko onuradunak.

Udal iturriek azpimarratu dute diru laguntzak langabezian daudenei, jubilatuei eta 18 eta 25 urte artean dituzten ikasleei banatuko zaizkiela. “Diru laguntza horiek, betiere, DEBABE Udal Euskaltegien mankomunitatek bekarik jaso ez badute banatuko dira”. Laguntzak eskatzeko epea urriaren 15ean amaitzen dela iragarri dute. Diru laguntza eskaerak eta eskatutako agiri guztiak udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu behar dira.

Deialdiaren baldintzak:

  • Aurrez aurreko zein Internet bidezko ikastaroaren maila gainditzea. EGAren kasuan, maila gainditu ez dutenek irakaslearen aldeko txostena aurkez dezakete.
  • %85eko asistentzia eskatzen da ohiko ikastaroetan eta %100eko asistentzia, barnetegietan eta Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan.
  • 2021eko irailetik 2022ko irailera bitartean egindako ikastaroa izatea. Ikastaroa egin bitartean onuraduna Deban erroldatuta egon dela ziurtatu beharko da.
  • Ikastaroa egin bitartean, langabezian egon izanaren ziurtagiria, jubilatu egiaztagiria edo ikasle agiria, bere kasuan.
  • Eskaera orrian zehaztutako agiri guztia aurkeztea.