Debako Udalak ‘Cosi fan tutte’ opera ikustera joateko irteera antolatu du

Berriketan 2023ko urt. 12a, 12:36

Sarrerak turismo bulegoan daude salgai, 65 euroren truke. Udalak musika eta opera zale guztiak gonbidatu ditu operara.

Urtarrilaren 30ean Wolfgang Amadeus Mozarten Cosi fan tutte ikuskizuna eskainiko du Bilboko Operak Euskalduna Jauregian. Debako Udalaren eta Bilbao ABAOren lankidetzari esker, opera prezio merkeagoan ikusteko aukera izango dute herritarrek. Artearen arlo ezberdinak herritarrengana hurbiltzeko asmoz ipinitako prezio berezi hori, zehazki, 65 eurokoa da eta operarako sarreraz gain, garraioa ere hartzen du bere baitan.

Sarrerak turismo bulegoan eskuratu daitezke, eta autobusak 17:30ean irtengo duela iragarri dute. “Bilbora joan-etorria egiteko autobusak estalitako pasealekuan jasoko ditu herritarrak. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta amaitzen denean herritarrak jaso eta Debara bueltatuko da”.