Debako Udalak 2023ko ibilgailuen zergarekin batera kobratuko ditu bertakoen TAO txartelak

Berriketan 2022ko abe. 14a, 11:37
Aparkalekuak arautzen dituen ordenantza eguneratu du tokiko erakundeak, eta, ondorioz, hainbat aldaketa izango ditu TAO zerbitzuak. 2023rako proposatzen diren aldaketen berri ematen duen gutuna datozen egunotan jasoko dute etxean ibilgailua Deban erregistratuta dutenek.

Aldaketarik nabarmenetariko bat bertakoen TAO txartelaren kobrantza izango da; txartela eskuratu ahal izateko 5 euroko tasa ordaindu beharko dela iragarri dute. “Tokiko Ogasuneko araudian ez denez horrelako salbuespenik aurreikusten, ezinezkoa da bertakoen txartela doakoa izatea. Arartekoaren gomendioei jarraituz eta inguruko udalerrietako tasa eredua aztertuz, tasa bat ezarri da, beste txartelen kasuan bezala (udatiarrena, enpresena…)”.

Azaldu dutenez, tasa horren ordainketa ibilgailuen zergarekin batera iritsiko zaie erabiltzaileei. Zerga helbideratuta dutenei automatikoki kobratuko zaie tasa. Helbideratuta ez dutenei, berriz, dagokien ordainagiria bidaliko zaie. “Ohiko moduan egin beharko dute tasa horren ordainketa”. Gogorarazi dutenez, 2023ko TAO denboraldia maiatzaren 1etik irailaren 30era izango da. “Hori hasi aurretik bidaliko zaizkie txartelak erabiltzaileei”.

Bertakoen txartelaren beharrik ez dutenek, berriz, udalari jakinarazi beharko diote 943 60 80 39 telefono zenbakira deituta edo dirubilketa@deba.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita. Horretarako azken eguna urtarrilaren 31 izango da.