Debako tenis jokalari gazteek fin hasi dute Euskadiko Taldekako Txapelketa

Berriketan 2023ko urt. 24a, 13:42
Luaran tenis klubeko Jakes Albizu, Lander Oñederra, Oihan Vesga eta Anderson Quispe debarrek txapelketaren final-laurdenetarako txartela lortu dute Azpeitiko Oñatz tenis klubeko Julen Saizarrekin batera.

Mutrikuko Luaran eta Azpeitiko Oñatz tenis klubeko kideekin osatutako gizonezkoen kimu mailako taldeak emaitza bikaina lortu du Euskadiko Taldekako Txapelketaren kanporaketa fasean. Joan den urtarrilaren 14an jokatu zuten kanporaketa Irunen, eta herri hartako Badia kirol klubeko taldearen aurka 4-1 irabazi ondoren, aurrera doaz txapelketan.

Sergio Urriza Luaran tenis klubeko arduradunak azaldu duenez, Jakes Albizu, Lander Oñederra, Oihan Vesga eta Anderson Quispe debarrek eta Julen Saizar azpeitiarrak osatzen dute taldea. Kimu mailako lehen urteko jokalariez osatutako boskotea Oñatz klubaren izenean jokatzen ari dela argitu du. “Deban ditugun instalazioekin txapelketa jokatzeko motz geratzen gara. Instalazio egokirik ez dugu herrian, eta txapelketa Oñatz klubaren izenean jokatzeko aukera daukagunez, Azpeitian jokatuko ditugu etxeko partida guztiak”.

Jokatu zituen bost partidetatik estuena eta lehiatuena Ander Quispek Irungo Jontxu Navascuesen aurka jokatutakoa izan zen. Partidak bi ordu inguru iraun zituzten eta super tie-break-ean erabaki zen garaipena

Emaitza onak. Irunen jokatutako kanporaketan emaitza oso onak erdietsi zituzten. Kantxaratzen lehena Julen Saizar izan zen; 1-6 eta 0-6 galdu zuen Hugo Abaden aurka jokatutako banakako partida. Oihan Vesgak, berriz, nagusitasun osoarekin irabazi zuen Oier Elizondoren aurkako norgehiagoka: 6-1 eta 6-2 irabazi zuen. Kantxaratzen hurrengoa Lander Oñederra izan zen, eta partida “oso lehiatua” jokatu zuen Oriol Martinezen aurka; 6-2, 3-6 eta 10-6 emaitzarekin irabazi zuen norgehiagoka.

Anderson Quispek Irungo Jontxu Navascuesen aurka jokatu zuen banakako azken partida are “lehiatuagoa” izan zela esan du Urrizak. “Oso partida gogorra, estua eta lehiatua izan zen, super tie-break-ean erabaki zen emaitza. Oso luzea izen zen, bi ordu inguru iraun zituen, eta azken unera arte emozioa izan zen nagusi”. 4-6, 7-6 (7-4) eta 12-10 emaitzarekin nagusitu zen Quiste.

Banakako lau partiden ostean, binakakoa jokatu zuten Lander Oñederrak eta Jakies Albizuk. Oriol Martinez eta Oier Elizondo izan zituzten aurkari, eta 6-3 eta 6-3 emaitzarekin gailendu ziren. “Binakakoan, egia esan, lasai ibili ginen, izan ere, hurrengo fasera igarotzea ziurtatuta genuen. 3-1 irabazten joanda, jokoan zegoen azken puntu hori ez zen erabakigarria guretzat; irabazi ala galdu, ordurako dena erabakita zegoen”.

Txapelketan parte hartzen diren lau debarrek 10-11 urte inguru dituzte, eta guztiak lehian hasi berriak dira

Final-laurdena. Norgehiagoka Azpeitiko kiroldegiko tenis pistetan jokatuko dute larunbatean (urtarrilak 28), Playas de Getxo tenis klubaren aurka. “10:00etan hasiko dira partidak, eta nahi duten zale guztiak bertaratzera gonbidatuta daude”. Partidak eguraldiaren arabera jokatuko direla gogora ekarri du Urrizak. “Euria ari badu atzeratu egingo dira partidak. Izan ere, pistak ez du aterperik edo halakorik”.

Taldekideak hurrengo fasea jokatzeko “gogotsu” daudela azpimarratu du. “Halako txapelketetan bizitzen den esperientzia oso aberasgarria da”. Txapelketan parte hartzen diren lau debarrek 10-11 urte inguru dituzte, eta guztiak lehian hasi berriak direla gaineratu du. “Lander, Oihan eta Jakesentzat jokatu duten estreinako txapelketa da honakoa; aurretik ez zeukaten lagunarteko partidarik eta antzekorik jokatuta. Andersonek, berriz, Gabonetan jokatu zuen bere lehen txapelketa ofiziala, eta txapeldunorde geratu zen bere kategorian”.