Debako saltokiek ere ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ egitasmoarekin bat egin dute

Berriketan 2023ko ots. 10a, 11:00
Herriko lau saltokik parte hartuko dute gaurtik (otsailak 10) hilaren 20ra gauzatuko den egitasmoan. Aurten hamabi emakume zientzialari omenduko dituzte, tartean, Maddi Astigarraga Bergara debarra.

Larunbatean (otsailak 11) Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta egun horrekin bat eginez Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa abiarazi dute Debako Udalak eta Elhuyarrek elkarlanean. Egitasmoa Bizilabe gazteentzako zientzia eta teknologia ekintzak egiteko aisialdi eskaintzaren barruan kokatzen da, eta helburua da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutaraztea.

Euskal Herriko 218 saltokik bat egin dute egitasmoarekin, eta zehaztu dutenez, otsailaren 10etik 20ra Debako lau saltokiren erakusleihoak emakume zientzialariez jantziko dituzte, honakoak: Uzuri optika eta audiologia, Ieraenea ekodenda, Sasoiko ekodenda eta Estilo moda eta osagarriak. Debako saltokiez gain, Elgoibar, Donostia, Beasain, Bilbo, Barakaldo, Abanto-Zierbena eta Mungiako establezimenduek ere bat egin dute #O11Erakusleihoak ekimenarekin.

Sustatzaileek jakitera eman dutenez, kanpainara atxikitu den establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa; dendariek, hain zuzen ere, harekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen dituen horma-irudiarekin apainduko dute espazioa. “Hala, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute”.

Luzaro ikastetxean ere gaiarekin lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte

Egitasmoak hamabi emakume zientzialari omenduko ditu aurten, eta horietako bat debarra da: Maddi Astigarraga Bergara ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa. Omenduko diren ikertzaile guztien ilustrazioak Bizilabe-ren webgunean eskegiko dira, beren lanari buruzko informazioarekin batera. Webgunean sartzen direnek ikertzaileen bizitzari, ibilbideari eta aurkikuntzei buruzko informazioa aurkituko dute bertan. Hona laugarren #O11erakusleihoak egitasmoaren baitan omenduko dituztenen zerrenda:

  • Maddi Astigarraga Bergara (Deba, Gipuzkoa, 1997). Ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa.
  • Ainara Sangroniz Agudo (Elgeta, Gipuzkoa, 1991). Kimikaria.
  • Amaia Arranz Otaegi (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). Historialaria eta arkeobotanikaria.
  • Estibaliz Apellaniz Ingunza (Bilbo, Bizkaia, 1954). Geologoa.
  • Emma Roca Rodríguez (Bartzelona, Katalunia, 1973-2021). Biokimikaria.
  • Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, 1959). Medikua eta antropologoa.
  • Maryam Mirzajani (Teherán, Iran, 1977-2017). Matematikaria.
  • Dorcas Muthoni (Nyeri, Kenya, 1979). Ingeniari informatikoa.
  • Homira May Rezai (Jaghori, Afganistan, 1993). Medikua.
  • Melissa Cristina Márquez Villalobos (San Juan, Puerto Rico, 1993). Itsas biologoa.
  • Sally Ride (Encino, AEB, 1952-2012). NASAko fisikaria, dibulgatzailea eta astronauta
  • Katalin Karikó (Szeged, Hungaria, 1955). Biokimikaria.

Luzaro ikastetxeko LH3tik LH6ra mailetan dauden ikasleek, bestalde, gaiarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte egunotan; besteak beste, Maddi Astigarragarekin egoteko aukera izango dute, “zuzenean ezagutu eta bere lanaz hitz egiteko”.