Debako historiaurreko bailarari buruzko hitzaldia antolatu dute

Berriketan 2022ko aza. 23a, 13:55

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Debako Udalak antolatutako Deba, historiaurreko bailara hitzaldia larunbatean (azaroak 26) izango da, 11:00etan, Kultur Elkartean.

Xabier Peñalver (EHUko Arkeologia doktorea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea), Jose Antonio Mujika (arkeologoa eta EHUko Geografia, Prehistoria eta Arkeologia departamentuko irakaslea) eta Asier Gomez (paleontologoa eta ikertzailea EHUn eta Aranzadi Zientzia Elkartean) dira Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatutako solasaldiaren hizlariak. Antolatzaileen esanetan, helburua da udalerriak historiaurrearekin lotuta duen ondare aberatsa ezagutzera ematea.

Aurreratu dutenez, historiaurreko bailarak gordetzen dituen altxorrak “agerian utziko” dituzte adituek. “Landare, animalia eta gizakiaren arteko harremanak azaldu, eta dauden aztarna arkeologikoak eta paleontologikoak ezagutzera emango dituzte”. Gaineratu dutenez, hizlariek historiaurreko ibilbideak bere baitan hartzen duen eremuaren berri ere emango dute. “Proiektuaren lehen fasea da hau, eta helburua da historiaurrean inguruan ikerketa, kontserbazioa eta hezkuntza bultzatzea, Geoparkea eta Deba herria historiaurrean erreferente bihurtzeko”.

Hainbat ikertzailek urteak daramatzate Deba bailarako ondare arkeologikoari balioa emango dion eremua aztertzen, eta egindako ikerketaren ondorioz jakin izan da Debak aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko kopuru “izugarria” duela. Era berean, Deba ibaiak, Sasiolatik itsasertzera duen ikerketa arkeologiko horietan topatu diren aztarnategi paleolitikoetan oinarrituta, klima eta itsas mailaren aldaketak edota gizakiaren okupazioaren berri eduki dute.