Debako Euskaraldia batzordea eratzeko deia egin dute

Berriketan 2022ko ira. 16a, 12:24

Beste herrietan egiten ari diren moduan, Deban ere urte amaieran egingo den Euskaraldiaren prestaketa lanei ekiteko herri batzordea eratzeko deia luzatu dute.

 Lehen batzar irekia asteartean (irailak 20) egingo dute. 19:00etan, Agirre jauregiko Ispiluen gelan batzeko hitzordua ipini dute. Deitzaileek adierazi dute herriko euskaltzale guztiak izango direla ongi etorriak. “Norbanako, saltoki edo elkartea bazara, eta aurtengo Euskaraldian aktiboki parte hartu nahi baduzu, gerturatu herri batzordeak antolatutako bilerara”.

Bileran, besteak beste, hirugarren Euskaraldiaren nondik norakoak azalduko dituzte. Eta behin herri batzordea eratuta, azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lelopean Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ekimenaren prestaketa lanetan hasiko dira batzordeko kideak.

Euskaraldia 2018an egin zen estreinako, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko. Hirugarren Euskaraldiaren helburua eragina handitzea izango da. Alde batetik, norbanakoek eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea espero da, eta, bestetik, Ahobizi, Belarriprest eta Arigune gehiago izatea. Azpimarratu dute helburua lortzeko ezinbestekoa dela herri batzordeak indartzea, eragile sozial eta instituzionalak, zein herritar euskaltzaleak lankidetzan aritzea.