Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen zubia erabilgarri dago jadanik

Berriketan 2022ko mai. 27a, 11:24

Atzodanik erabilgarri dago Deba eta Mutrikuren arteko oinezkoen harrizko zubia. Gipuzkoako Foru Aldundiak goizean iragarri zuen arratsalderako zabalduko zutela, eta iluntze parterako herritar ugari ikus zitezkeen, aspaldiko partez, zubiaren bueltan joan-etorrian.

Josu Maroto Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare saileko arkitektoak atzo goizean baieztatu zuen, EITBren Faktoria magazinean, arratsalderako aurreikusita zutela Deba-Mutriku oinezkoen zubiaren irekiera. Eta Debako Udalak ere prentsa ohar bidez berretsi zuen gero albistea, Aldundiko iturriak aipatuta.

Bada, beharginek azken ukituak egin ondoren, arratsalderako erabilgarri zegoen jadanik zubia eta jende ugari hurbildu zen zonaldera, eguraldia lagun, azken urteotan egindako lanen emaitza bertatik bertara ezagutu nahian. Zubia berritzeko eta sendotzeko lan berezien ondoren, Marotoren esanetan, “dotore” geratu da zubia; argiteria berria jarri diote, eta zorua galtzada-harrizkoa.

Udalak gogorarazi bezala, urtebete pasatxo behar izan du Moyua-Harri aldi baterako enpresa elkarteak 2018an amildu zen zubia birgaitzeko. Azken hilabete hauetan egindako lan horiek, nolanahi ere, kalte nabarmenak eragin dituzte hondartzako pasealekuan eta, zentzu horretan, badago oraindik ere zer konpondu eta txukundu zubiaren inguruan. “Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ari da hori kudeatzen; hala ere, eta uda sasoian herritarrek hura modu egokian erabil dezaten, dagoeneko hasi ditu txukuntze-lanak Debako Udalak”, nabarmendu zuen.

Ia lau urteko esperoa

2018ko uztailaren 5ean, goizeko 5:00etan gutxi gorabehera, zubia zati batean hondoratu egin zen. Harrizko zubia izan arren, azpiko zimenduak zurezkoak izaten dituzte horrelako zubiek eta xilofagoek (zomorro egurjalea) eragin zuten, euriteen laguntzarekin, bere erdialdean eusten zuen zutabe bat jaustea.

Ia lau urteren ondoren dator, hortaz, berreraikitze-lanen amaiera. Azkar esaten bada ere, ezin ahaztu denbora-tarte honetan zubia ixteak eragozpen ugari ekarri dizkiola hainbat eta hainbat herritarri egunerokoan; bizilagun ugarik protesta egin dute 2018az geroztik, “Pasabidea orain” eta “Pasabidea guztiontzat” ziotela. Jendearen joan-etorria errazteko zubi zaharraren gainean jarri zuten behin-behineko pasabideak ere ez zuen herritar guztien arazoa konpondu, gainera, ezin izan baitzuten hura erabili mugikortasun urriko pertsonek, haur-kotxeek edo min hartuta zeudenek, besteak beste.