Deba eta Itziarko 73 haur izan ziren Bizkaia Park Abentura parkera egindako txangoan

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko urt. 11a, 09:30

Urteari hasiera biribila eman zioten Deba eta Itziarko hamarnaka haurrek joan den urtarrilaren 2an, Kolore Anitz Aisialdi Taldeak LHko ikasleentzako Bizkaia Park Abentura-ra antolatu zuen irteeran.

Güeñesen kokatuta dagoen abentura parkean “primeran” pasa zutela adierazi dute aisialdi taldeko begiraleek, “zalantzarik gabe, errepikatzeko moduko esperientzia” izan zela nabarmenduta.

Azaldu dutenez, “ohiko irteera aldatzeko apustua eginez, aurtengo proposamena Bizkaia Park Abentura parkera joatea izan da eta, gure ustez, aldaketa positiboa izan da”. Batetik, deialdiari egindako harrera beroa nabarmendu dute; “arrakastatsua izan da izen-ematea, guztira Deba eta Itziarko 73 haur animatu baitira irteerara”. Bestetik, abentura parkean egindako arratsalde-pasa ederra izan zela diote; “parkea oso polita da eta haurrek zein begiraleok primeran pasa genuen bertan. Motz geratu zitzaigula esan genezake”.

Hori guztia kontuan hartuta eta “primerako arratsalde-pasa koloretsua” izan zela iritzita, Kolore Anitzeko kideek eskerrak helarazi dizkiete txangoan parte hartu zuten lagun guztiei.

Bizkaia Park Abenturara irteera