COVID ziurtagiria indarrean da eta eremu itxi gehienetara zabaldu du azken dekretuak

Berriketan 2021ko abe. 8a, 19:12

Abuztuaren 9tik dago Ipar Euskal Herrian indarrean COVID ziurtagiria eta Nafarroan, azaroaren 27tik. Abenduaren 4tik, berriz, EAEn ere eskatzen da koronabirusa pasatu edo txertatu izana erakusten duen agiria.

Gaueko aisialdiko espazioetan eta 50 lagunetik gorako jatetxeetan eskatzen dute: dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. Pub eta taberna berezietan ere bai, 22:00etatik aurrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsiko diote — ekoa 2.076,68koa zen abenduaren 27an—, eta establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua dutela ziurtatzea (Paper edo formatu digitalean).

Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, ziurtagiri horren erabilera beste toki batzuetara ere hedatzeko eskaera egin zion EAEko Auzitegi Nagusiari. Lehen ere, ziurtagiria erabiltzen hasteko baimen eske jo behar izan zuten hara, baina auzitegi horrek ukatuta, Auzitegi Gorenak eman zien azkenean. Oraingoan, COVID ziurtagiria eremu itxi gehienetara zabaltzea baimendu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak: ostalaritzako eremuetara, ospitaleetara, zentro soziosanitarioetara, zahar etxeetara, gimnasioetara, kultur ekitaldietara eta espetxeetara ere zabaldu da COVID ziurtagiriaren erabilera. Puntu batean bota zuen atzera: aire zabaleko kirol ekitaldietan. Betiere azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa bada egongo da indarrean neurri hori.

Bestalde, abenduaren 15etik indarrean dago Hego Euskal Herrian COVID-19aren aurkako txerto pediatrikoa emateko kanpaina. Osasun zentroetan eta prestatutako guneetan ematen dute, txertodromo eta ospitaleetan batik bat. Pfizer markakoa da, unera arte, baimendutako txerto pediatriko bakarra. Espainiara iritsitako lehen sorta (1,3 milioi txerto) 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako izango da. Txertatzen lehenak arriskuan dauden umeak eta nagusienak (10-11 urte bitartekoak) izango dira.