Bueltan da Debako Urte Berriko Azoka

Berriketan 2023ko urt. 4a, 14:49

Ohikoa den modura, urtarrileko lehen larunbatean (urtarrilak 7) egingo dute azoka. Bertaratzen direnek lehen sektoreko ekoizleen produktuak erosteko aukera bikaina izango dute.

Osasun larrialdiak eragindako bi urteetako etenaren ostean, bueltan da Debako Urte Berriko Azoka. Udal iturriek azpimarratu dutenez, ohiko moldera itzulita egingo dute aurtengo azoka handia. Azaldu dutenez, azokaren helburua da baserriko produktuen erakusketa, lehiaketa eta salmenta. Horren harira, denetarik izango da: besteak beste, fruta, barazki, ezti eta gazta lehiaketak antolatu dituzte, baita ganadu erakusketa ere. Eguna alaitzeko, gainera, herriko musika talde ezberdinak kaleak girotzen ariko dira goiz osoan, eta dantzaririk ere ez da faltako.

Barazki eta fruta sariketa eta erakusketa, esaterako, Foruen Plazan egingo da, horretarako apropos jarritako saltokietan. “09:00etarako prest egongo dira postuak, izan ere ordu horretan igaroko baita epaimahaia, eta 14:30ean postua jaso egin beharko da”. 900 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 300 euroko saria emango diote; 250 eurokoa, bigarrenari; 200 eurokoa, hirugarrenari eta 150 eurokoa, laugarrenari. Postu onenari, gainera, 150 euroko saria emango diote.

[HEMEN, lehiaketan parte hartzeko oinarriak]

Gazta sariketa eta erakusketa dagokionez, berriz, lehiaketan parte hartzeko gaztak udaletxe azpiko arkupean aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 11:00etara bitartean. 800 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 350 euroko saria emango diote; bigarrenari, 300 eurokoa eta hirugarrenari, 150 eurokoa. Saritu gabeko Debabarrenako lehen gazta, berriz, 150 eurorekin sarituko dute.

Eskualdeko XVII. ezti lehiaketan parte hartu nahi dutenek, aldiz, 09:00etarako postua prest eduki beharko dute udalak esandako lekuan. 425 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 175 euroko saria banatuko diote; 150 eurokoa, bigarrenari eta 100 eurokoa hirugarrenari. 150 euroko sari berezia ere emango zaio herriko baso kudeaketa onenari.

EGITARAUA:

  • 09:00. Epaimahaiaren lanen hasiera.
  • 10:00. Kalez Kale txistulari taldearen kalejira.
  • 10:00. Ganadu feria, kioskoan.
  • 10:30. Trikitilarien kalejira.
  • 11:30. Deba Musika Eskolako dantzarien emanaldia, Aldats pilotalekuan.
  • 12:30 Musika Bandaren kalejira.
  • 13:30. Urte Berri Azokako sari banaketa.