Bueltan da ‘Bastiñuixan’, kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzeko helburuz

Berriketan 2022ko urr. 27a, 10:27
Debako Udalak eta Hezten taldeak berriro eskainiko dute egitasmoa, haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kanta berriak ikasteko aukera izan dezaten. Lau saio izango dira guztira, azaroan.

Azaroko lau asteartetan izango dira hitzorduak, alegia, hilaren 8, 15, 22 eta 29an. Lehen egin zuten bezalaxe, saioak zumardiko kioskoan eskainiko dituzte (euria bada, Ifar Kaleako ikastetxeko patioan), eta Hezten taldeko jolas dinamizatzaileen laguntza izango dute partaideek.

Bi programa eskainiko dira. Batetik, Zabu Zibu (16:30etik 17:30era); 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da eta, beraz, behar-beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin joatea eta jolastea. Bestetik, Txirrintxon (17:30etik 18:30era); 6-9 urte bitarteko haurrentzat.